XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AZKENA

Ospitaleko 216 gelako leiho honetatik begira, zuek zaituztet gogoan. Zuek izan zarete azken urte hauetako poza. Badakit ez zaituztedala gehiago ikusiko, baina ez dut zuek horregatik penatzerik nahi.

Bai badakit gazte malapartatu haren asmoei aurre egin ez banien ez nintzatekeela hemen izango, badakit, baina bestela ere, ez nintzateke neure buruarekin gustora egongo, ongi dakizue.

Gaur goizean irakurri dut egunkariko gertakarietan atzo gertatu zitzaidana, eta gauza bat esango dizuet: kazetari horiek hantxe bertan egon zirela zirudien, nik baino gehiago ez zekiten, bada! Nola utziko nion tipo xixtrin hari zuentzat gordeta neukan dirua nire poltsarekin batera lapurtzen? Oraindik ez da jaio sorpresaz harrapatuko nauenik.

Heriotzak ere ez nau hala harrapatuko.

Badakit gaur gauean datorrela bila, eta lagun oso txarra ere ez dela esan didate. Beldurra? Handirik ere ez, nik, zuen aitona, goian bego, aguantatzearekin kristoren koltxoia irabazi bainuen zeruan.

Orain koltxoi horren beharrik izango ez dudalakoan nago, han, orain hain pisutsu sentitzen dudan gorputzik ez baitut izango eta alde batetik bestera ibiliko naiz ziztu bizian, haizearen modura.

Hara! Txistua ere bota nion zerri zikin hari, nire besotik tiraka ari zela. Arranopola! Pentsatu nuen, zuen aitona zenaren eskopeta del dozekua hartu eta kopetean bertan egingo nioke tiro.

Baina, noski hori ez da kristau baten jokabidea, eta ni igandero mezetara joaten naiz, edo joaten nintzen.

Egia esan, zenbat joango ote da igandero mezetara, traje dotorea jantzita. Gure Aita errezatu, pekatuak barkatzeko eskatu... eta kitto!

Horrekin etxean egindako marrua guztiak ahaztuta geldituko balira bezala, lanean izandako haserreak baretuko balira bezala, edo atzo gauean semeari emandako zaplastekoa ezabatu balitz bezala.

Jainkoak lan asko daukala iruditzen zait gure txorakeriatan murgiltzeko. Benetan barkamena merezi duenak zuzenean jasotzen duela iruditzen zait, eta Aitagurea edo Kredoa errezatzearekin besterik gabe pekatuak uxatuko dituela sinesten duenak, ez dakit ondo merezi duen kristau izena.

Txurroak! Gure Estitxuk esaten duen bezala. Maripertxenta hori zer moduz ote da? Ni baino hobeto, ziur.

Sorbalda aterata daukat eta minez nago. Lasaigarriak eskatzen ari naiz, ea mina desagertzen zaidan, baina... ez dakit.

Besotik tiraka ari zitzaidanean izugarrizko zartakoa sentitu nuen, eta gero lurrera erortzean... ezin dut imajinatu ingurukoen erreakzioa ni hantxe luze-luze lurrean etzanda ikusi nindutenean.

Inork ez ote zuen mutil hura lepotik hartu eta ondo astindu? Beti pentsatu izan dut karate jakitea ere garrantzitsua dela mundu honetan edo defentsa pertsonala; baina hainbeste gauza daude ikasteko eta hain denbora gutxi...

Hara, Mirari. Zuk Unibertsitatera joan behar duzu. Kasurik ez egin aitari, zuk ikasteko balio duzu eta. Aitak berarekin lanean nahi zaituela? Itxoin dezala, behar bezala prestatu ondoren hobeto egingo duzu lan. Ziur.

Aiiii! Mina! Lasaigarri gehiago hartuko dut.

Ai, Joseba, ene kuttuna. Txikitako goxotasun eta lausengu guzti haiengatik izan ez balitz, non zeundeke orain? Seguruenik oihuka, amaren esanei ihesika eta aitarenei gaizki erantzunez. Baditut biloba gehiago, baina zu... zu espeziala zara. Guztiok igual maite zaituztet, baina zu...

Etzi laurogeita bat urte egingo ditut.

Ondo bizi izan ditut urte hauek, baita azkenengoak ere, nahiz eta artrosiak zeharo jota egon.

Orain lo egin nahi dut, deskantsatu, zeruko nire apartamentuan festatxoak antolatuko ditut aspaldian ikusi ez ditudan lagunekin.

Batek baino gehiagok dio inpernuan egotea dibertigarriagoa izan daitekeela, martxa handiagoa egongo delakoan, baina nik... zer esango dizuet... aspaldidanik daukadala zerurako txartela eta orain ez dut bidaia aldatu nahi.

- Amona, marmarrean ari zara, beti bezala. Zertan zabiltza? Ez dizut ezer ulertzen, eta ez esan diskotekek belarriak hondatu dizkidatela, ahopean hitzegiten ari zara eta. Amona? Amona?